XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Umbralen handitasuna, beraz, hutsal daitezkeen kiribiloetatik maisuki tratatua den zerbait ateratzeko ahalbidean datza.

Goian aipaturiko pertsonaiek, noski, badute bere entitatea, baina entitate hori zerbait prosaikoa, astuna eta beruntsua zitekeen trama interesgarri eta egoki baten oldetan ematea asmatzen ez bada.

Gaitza da eginkizun hori.

Hain zuzen, Francesillo deituriko protagonistak, nolabait, familiako kronika egiten digu bere izeba Algadefina, Sasé Caravaggio, aitona-amona karkak eta beste zenbait pertsonaia Espainiaren kondairako zerbait izan diren pertsonaien traman bitxiki txertatuz.

Algadefinaren amodio-saretan sartzen ditu autoreak, adibidez, Rubén Darío, eta beste hainbeste Unamunoren jarrera neurotiko sasi-mistikoak.

Francesilloren familiaren zehar-mehar argudiotsuetan bilbatuta geratzen dira pertsonaia sonatuen erreakzio, markaketa-joko, iritzi eta bestelako pasarteak.

Umbralen irudimen azkar eta aztiak kiribilo argumentistikoak maisuki eraikitzen ditu irakurlearen ikuspegirako historia serio daitekeen oro, maiz, zirtoz eta ironiaren esparru bitxietan deseginez.

Ironia hori nabarmen da Rubén Daríoren jarrera estetikoak abordatzean edo eta Primo de Rivera militarraren harrandiak txoteo hutsean itotzean (baita ere García Lorcaren joera sexual zenbait parodiara erakartzean).

Berdin gertatzen da Unamuno dibinoaren jarrera erlijiosoekin...

Pertsonaia horien inguruan irakurleak lehen jasorikoa serioa, transzendentea edo iragangaitza bazen, dena, harrigarriro ironian bilduriko anekdota batean bilakatuta aurkituko du.

Garbi dago, Umbral gisako idazle trebe batek hamaika baliapide dituela bere argudio pitsutsu edo astun den trama datual bat bitxi, kontraesankor eta sugerente bihurtzeko.

Euskal nobelistikari egotz daitekeen astuntasun tematikoak hemen badu irtenbide airosoa kabalistikoa eta interes handikoa, nahi baduzu.

Ustezko tranzendentziari halako intranszendentzia artistikoa eta bitxia egoztea artista baten eginkizuna da, ziur aski.

Las señoritas de Aviñón eleberrian, beraz, pertsonaia historiko batzuen inguruan sareturiko erretaula baten aitzinean topatzen gara.

Umbral saiatzen da eta lortzen du pertsonaia horien historian dagoen transzendentzia desmitifikatzen, mitoa prosa nabarrera eraisten -eleberriaren esparru esperimentalistatik historiara modu guztiz bitxian hurbiltzen.